Ataitzeko bidea

Latse, Gibelarte eta Berandotze mendi auzotako herritarrek bazuten denek gomita Sanokirat hurbiltzeko ekainaren 10ean, ikusteko nola hobe zitekeen Ataitzeko bideetan ibiltzea egun eta ordurik jendetsuenetan. 

Galdeketa baten bidez Itsasuko Herriko Etxeak berriki bilduak zituen auzoetako herritar horienganik zoin ziren batzu besten ikuspegiak eta aterabide proposamenak D349 departamenduko bide zati hortan ibiltzea errexteko.

Sanokiko bilkuraren karietarat, herriko eta departamenduko hautetsiek agertu dituzte galdeketaren emaitza guziak, eta aipatu dituzte departamenduko zerbitzu arduradunekin ukan berri zituzten solasen ondorioak. Aterabide aipamen guziak galdeketatik ateraiak ziren. 

Bilkura publiko hortan jakinarazi bezala, agertzen da ondoko egunetan, prefeturaren baimena eskuratuz geroz, Ataitzetako bide zati hori atxikitzea mendiko auzoetako erabiltzaleentzat lehentasunez, bereziki harat hunat nasaiegiak diren ordu eta garaietan. Uharretuko sargiaren aldetik baliteke apaltzen eta altxatzen den zutoin baten ezartzeko parada, badge edo koda elektronikoz manatua.

Pasaiako bisitariak behartuak litezke beren ibilgailuak Eliza aldeko aparkalekutan uztea, eta mendietarat edo Berandotzeko ostatuetarat joan nahi dutenentzat baliteke itzuliaren egiteko parada. 

Aurtengo udakotz epeak laburregiak izanez administrazionearen baimenak eskuratzeko eta zutoin elektronikoen apailatzeko,  bide seinaleak hobetuko dira, informazionea eta komunikazionea zabalduko dituzten sasoilariak ezarriko dira bisitarien gidatzeko mendi alderat edo behereko aparkalekuetarat. 

Ohartzekoa aldiz hainbeste aldiz agertu dena galdeketetan, sentsu bakar ezartzea bidea sentsu doblean atxikiz auzoko erabiltzaileentzat, ez omen dela legez egingarri : eremu publikoa galezina da, eta departamenduak zor die bere bidetan ibili ahal izatea berdin erabiltzaile guzientzat. Bestelako ekintza zenbait ere gehituak izanen dira Ataitzetakoa errexteko, bereziki oinezkoen eta beribilen artean bidearen banaketa eta segurtasuna hobetzeko, jendetasunez eta onginahiz. (Itsasuko herriko etxetik)

Site officiel de la commune d'Itxassou